martes, 25 de octubre de 2016

Mario Feijoo: “Txertoa eman izan baligute, ziurrenik ez ginen gaixotuko”


Haurra zela, poliomielitis gaitza pasatu zuen Mario Feijoo Anakabek (Ondarroa, 1955); 11 hilabete besterik ez zuela. Gaur egun, Polioaren osteko sindromea garatu duten gaixoen eskubideen defentsan lanean dabil Euskadiko Polio Elkartean. Besteak beste, Gizarte Segurantzan eta osasun arloan euren eskariak kontuan edukitzeko eskatzen ari da elkartea.

Urriaren 24an Poliomielitisaren Nazioarteko Eguna ospatzeak zer garrantzi du zuentzat?
Gaur egun, zorionez, poliomielitisa gure inguruan desagerrarazia badago ere, gaixotasunaren ondorioak jasaten ari garen asko gaude oraindik.

Ondoren zergatik garatzen dira horiek?
Egia esan, umetan poliomielitisa eduki genuen asko polioaren osteko sindromea garatzen hasi gara.

Zergatik sortzen da polioaren osteko gaixotasuna?
Egia esan, ez dakigu zergatik. Teoria batzuen arabera, poliomielitisaren birusa berpiztu egin da, eta hori da oraingo gaitzaren arrazoia. Gainera, poliomielitisa eduki zuten batzuek garatu dute gaixotasuna; denek ez. Eta sintoma guztiak berdinak ez baldin badira ere, gehienak antzekoak dira kasu guztietan.

Mario Feijoo, Ondarroako Alamedan

Zein sintoma igarri dituzue?
Nekea da sintomarik nabarmenena. Era berean, gaixotasunak gihar eta hezurretan eragin zuzena duela ikusi dugu, eta, horrez gain, minak izaten ditugu giltzaduretan ere. Bestalde, gaixo batzuek lehen ez zituzten arazoak dituzte orain, eta arazo horiek adinagaz zerikusirik ez dutela ere ikusi da. Polioak kalte egindako tokietan indar falta sumatu dugu askok, baita beste toki askotan ere. Azkenik, gure osasuna gain behera datorrela ere ikusten ari gara. Lehen normal-normal egiten genituen gauzak ezin ditugu egin, eta, azkenean, askok gurpil aulkian amaitzen dute.

“Esku artean ditugun datuen arabera, poliomielitisa izan zuten erdiek, gutxi gorabehera, polioaren osteko sindromea garatu dute”

Poliomielitisa eduki zutenetatik zenbatek garatu du sindromea?
Esku artean ditugun datuen arabera, poliomielitisa izan zuten erdiek, gutxi gorabehera, polioaren osteko sindromea garatu dute. Baina gehiago ere izan daitezkeela uste dugu. Askok sintomak badituzte, baina gaixotasuna garatu dutenik ere ez dakite, adinaren kontua dela pentsatzen dutelako.

Tratamendurik ba al dago?
Guk dakigunez, ez, baina atzerrian horren inguruan ikertzen ari dira. Gaixotasuna, dakigunez,  degeneratiboa eta progresiboa da. Oraingoz, ez du sendabiderik; hori bai, kasu askotan, berriz hezteko neurriek nabarmen hobetzen dute bizi kalitatea. Atsedenaldiak egin behar dira, eta, nekatzen zarenean, gelditu eta atseden hartzea komeni da.

“Gure ustez, mediku azterketa egiteko orduan protokolo bat falta da, eta hori ari gara eskatzen”

 

Diagnostikoa erraza al da?
Nahikoa zaila da. Baztertzea kontuan hartzen den azterketa bat egin behar da horretarako. Egia esan, inor gutxik daki zergatik sortzen den polioaren osteko sindromea, eta sendagileek ez dakite gu zelan artatu ere.

Nolatan?
Gure ustez, azterketa egiteko orduan protokolo bat falta da, eta hori ari gara eskatzen. Medikuarengana joaten garen bakoitzean, nola gauden ikusita, galdetzen diguten lehen gauza da ea istripua izan dugun. Poliomielitisaren eragina dela esaten diogunean, berriz, hori garai bateko gaixotasuna dela iruditzen zaie edo zer den ere ez dakite.

Eta, zuen ustez, zein da bete beharreko protokoloa?
Hainbat neurologok eta adituk gaixotasuna detektatzeko garaian zer irizpide ezarri behar ziren adostu zuten. Haien arabera, eman behar diren pauso guztiak baztergarriak izan behar dute. Gaixoak poliomielitisa izandakoa izan behar du, eta, gero, beste gaixotasunen bat duen baztertzen joan behar da. Hemen protokolo hori martxan ipintzea eta betetzea eskatzen dugu. Hau da, beste herrialde askotan egiten dutena hemen egitea; besterik ez. Bestalde, hau gaixotasunau Osakidetzan ez dagoela onartuta konturatu gara, eta zerrenda horretan sartzeko eskatzen ahalegin berezia egiten ari gara elkarteko kideok.

Mario Feijoo Anakabe

Horrelako eskariak egiteko beharrezkoa izango da talde bat izatea. Zuen taldea noiz sortu zen?
Nik, egia esan, ez nekien polioaren osteko sindromea existitzen zenik ere. Telebistan entzun nuen horren berri. Gaixotasunari buruzko blog bat idazten hasi nintzen, eta, han egindako deialdi baten ostean, Donostian batzea adostu genuen. Hamabi lagun batu ginen, eta elkartea osatzea pentsatu genuen 2014ko abenduan. Era berean, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako herritarrentzat erdigunea izango zelakoan, elkartearen egoitza Eibarren ezartzea erabaki genuen. Hasi ginenetik hona jendea gehitzen joan da, eta, orain, 200 bat lagun izango gara.

Gaixotasuna osasun sisteman onartzeko eskatzeaz gain, zer beste eskaera egiten duzue?
Elbarritasuna ebaluatzeko orduan azterketa fisikoarekin batera neurologikoa ere kontuan edukitzea eskatzen dugu, ebaluazioa ahalik eta zehatzena izateko. Gizarte Segurantzan ere antzeko zerbait gertatzen zaigu. Gaixotasunaren eraginagatik beharrean jarraitzeko hainbat arazo ditugu, eta erretiro aurreratua eskatzera joateko orduan, ez dute polioaren osteko gaixotasuna onartzen. Ezinbestekoa da dauden elkarte guztiak batu eta denok eskabidea elkarrekin egitea. Talde guztiok batu eta Kongresura joan behar dugu, legea aldatzeko eskatzeko.

“50eko eta 60ko hamarkadetan, horretarako txertoak egonda, zortzi urtean 14.000 lagun inguru gaixotu ginen estatuan, eta beste 1.900 hil ziren”

 

Hainbat ate itxi zaizkizuela ikusita, zer egiteko asmoa duzue?
Eusko Legebiltzarrean egon diren lau alderdi nagusiek orain gutxi aitortu dute gure kasuan gauzak ez zirela ondo egin, eta Espainiako Gobernuari aitortza egiteko eskaria onartu zuten.

Zuen kasuan, zer gauza egin ziren txarto?
Askorik ez baldin badakigu ere, jakin badakigu poliomielitisagaz gaixotu ginen garaian bazeudela hori eragozten zuten txertoak. Gaixotu ginenetako askori txertoa eman baligute, ziurrenik ez ginen gaixotuko.

Garai hartan zer argudiatu zuten umeak ez txertatzeko?
Erregimen frankistaren arabera, garai hartan ez zegoen epidemiarik, baina hori ez da horrela. 1959an, esaterako, epidemiak goia jo zuen. Datuak kontuan hartuta, 50eko eta 60ko hamarkadetan, horretarako txertoak egonda, zortzi urtean 14.000 lagun inguru gaixotu ginen estatuan, eta beste 1.900 hil ziren. 1958tik 1962ra bitartean, esaterako, biztanleriaren zati txiki bat txertatu zuten; baldintza oso bereziekin milioi bat ume txertatu zituzten. Gerora, 1963an, txerto sistema berria ipini zen martxan, eta, hortik aurrera, gaitzak jotako pertsonen kopurua kolpean jaitsi zen, hutsaren hurrengo bihurtu arte. Gure garaiko umeak ez txertatzeko beste hainbat arrazoi ere entzun ditugu.

Zeintzuk?
Txertoak erosteko nahikoa dirurik ez zegoela zabaldu zen, baina, esku artean ditugun datuen arabera, hori ez da horrela. 1954an, esaterako, 1.600 milioi pezetako etekina izan zuen Espainiako Gobernuak. Txertoak emateko ez zeudela prestatuta ere esan zuten, baina, datuen arabera, hemen bazeuden nahikoa profesional hori egiteko. Egia esan, garai hartan hutsegite handia egin zuten gurekin, eta hori zergatik gertatu zen jakitea gustatuko litzaiguke.

Eta posible al da?
Oraingoz, ez. 1955 eta 1963 arteko artxibo guztiak sekretupean mantentzen dira. Legea oraindik ere indarrean dago, eta han zer egon daitekeen jakin nahiko genuke. Beharbada ez dago ezer, baina dagoena ez baldin badute publiko egiten, ez dugu inoiz jakingo benetan zer pasatu zen.

http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/2016/10/21/mario-feijoo-txertoa-eman-izan-baligute-ziurrenik-ez-ginen-gaixotuko/


 



No hay comentarios:

Publicar un comentario